Aurkezpena
LAU HAMARKADA AGOIZKO HERRIA ETA KULTURAREKIN
1983. urtean, kulturarekin arduratutako herriko hainbat gaztek jarri zuten ondoren Angilurreka Elkartea izanen zenaren hazia. Elkartearen bidez antolatu zen lehenengo jardueretako bat izan zen ostiraletako filmeen (orduan gaurkotasunean zeuden hainbat gairekin lotuta) proiekzioa zinematoki zaharrean.
Hori gertatu eta berehala martxan jarri zen Mendizale Taldea eta harekin batera bere ohiko ateraldiak. Ondoren, beste aktibitate batzuk antolatzen hazi zen; besteak beste, Urte zaharreko gauaren dantzaldia, jaietako herri lasterketa eta Ralako igoera. Agoizko ihauteriak errekuperatu ziren eta berriz ere ‘maskaritak’ eta ‘kaskaboboak’ ikusi ahal izan genituen herriko kaleetan barna.
Angiluerreka kolektiboa hazten joan zen eta atal berriak sortu ziren. 1984ko abenduan plazaratu zen ‘El Tuto’ko lehenengo zenbakia, antzerki taldea lanean hasi zen eta bultzada handia eman zitzaion dantzari taldeari.
Jarduera horiek guztiak martxan jartzen ziren bitartean, eta talde guztiek beren esparruetan lan egiten zuten bitartean, etxe bat erosi zen Merkatuko Plazan. Hiru hilabete beranduago, ehun bat bazkidek jarri zuten diruarekin eta auzolanean egindako lanari esker, lortu ahal izan zen Angiluerreka Elkartea altxatzea talde guztien egoitza eta topalekua izateko.
1986ko irailaren 27an ospatu zen lokal berrien inaugurazio festa; leku berri horiei esker jarduera eta egitasmo berriak eskaini ahal izan ziren, esaterako, Mus Txapelketa Lasterra, San Isidrotan prioaren eginkizuna errekuperatzea, jaiak prestatzeko gazteriaren bilkurak egitea. 1991. urtean ospatu zen, estreinekoz, Nafarroako Dantzari Eguna. Garai batean zehar ekologista talde bat jardun zuen, eta Herri Kirol Taldea ere sortu zen.
Urte gutxitan Angiluerreka Elkartea herriko jendearentzako topaleku bilakatzen da; bertan milaka ekitaldi antolatzen dira eta gure herriko kulturaren garapenaren aldeko apustua egiten da, Agoitzekin eta agoizkoekin konpromisoaren aldeko apustua egiten da.
Urteren igarotzearen ondoren beharrezko ikusten da etxean hainbat konponketa egitea; horiek 1999. urtean egin ziren, eta, urte hartan hain zuzen, ‘hainbat ezezagunek’ elkarteak eraso zuten bi aldiz, eta bigarrenean kalte handiak eragin ere. Berriz ere, jende askoren laguntza eta elkartasunari esker zabaldu ahal izan ziren Angiluerrekaren ateak, eta elkartea berriz ere nahi guztien topalekua izatera itzuli zen.
Azken urteetan talde berriak sortu dira; horien artean, Fanfarrea, Gaitariak eta Burrunba. Ibilbide berdinari jarraitu zaio, alegia, Agoitzen gure kultura garatzeari, eta horren lekuko dugu ondorengo adibide hauek: urtero jai aurreko astean antolatzen diren ekitaldiak; 2002. urtean Agoitz aukeratzea Dantzari Eguna ospatzeko eta 2003. urteko San Isidrotan belaunaldi desberdineko dantzari gaztek eta helduek dantza jaialdi arrakastatsu bat eskaini zutela; ‘Galdezka’ jokoa prestatu zen; agramondar eta beaumondarren arteko bakearen antzezpena; Goitibehera Eguna ospatzea, TutoBerri bloga sorkuntza…
Gaurkoz, Angiluerreka elkartea bederatzi kultura taldek osatzen dute: Txistu taldea, Mendi taldea, Antzerki taldea, Gaita taldea, Fanfarrea, ‘El Tuto’ aldizkaria, Herri kirol taldea, Burrunba taldea eta Dantza taldea. (azken honek aspalditik dihardu lanean). Talde guzti hauek, aldiz, Agoitzen egiten duten lan eskergaz gainera, urtean zehar beren kultur emanaldiekin, inguruko herri anitz aberasten dute.
Harro, gure herriko kulturaren alde egin dugunarengatik eta hari eman diogunarengatik, eta aldi berean apal, badakigulako ez dela makala egin beharrekoa, zuen baimenarekin esan dezakegu hori guztia eta askoz gehiago dela Angiluerreka.